475 haurrek egin dituzte dagoeneko “Zigortzaileak” filmerako casting probak
475 umek egin dituzte dagoeneko udan Bilbon filmatuko den “Zigortzaileak” pelikularako casting probak. Probak pasa den astelehenean hasi eta bost egunean zehar luzatu ziren, Bilboko hainbat tokitan eta Mungian.
Ekoizpen etxeak 9 eta 12 urte bitarteko umeak eskatu zituen filmaren protagonistak hautatzeko. Erantzuna ezin hobea izan da, ehundik gora haur probak egin gabe geratu direlarik, ezinezkoa izan delako hainbeste hautagai ikustea. Dena den, bihartik aurrera (astelehenetik) casting-a ikastoletan egingo da, beraz, aukera egongo da oraindik probak egiteko. Bilboko Abusu eta Begoñazpi ikastoletan, Mungiako Larramendin eta Lekeitioko ikastolan izango dira datorren asteko casting-ak. Gainera, asteartean Bilboko Sabin Etxea eraikinean proba berriak egingo dizkiete joan den egunean zenbakia hartu zuten guztiei. José María Lararen ekoizpen etxeak asmoa du eskola euskaldun guztietatik pasatzeko, behar dituen umeen bila. Aukera dago, baita ere, argazkiak eta bideo laburrak bidaltzeko helbide honetara: zigortzaileak@gmail.com
“Zigortzaileak” umeei zuzenduta dago eta hurrengo udaran filmatuko da, Bilbon eta inguruetan. Euskaraz izango da eta bullying-a du gai nagusia, baina tonu dibertigarri eta entretenigarri baten bidez. Arantza Ibarrak eta Alfonso Arandiak zuzenduko dute. Ibarrak berak idatzitako istorioak eskola bateko ume batzuen abenturak kontatzen ditu. Horretarako, 9 eta 12 urte arteko haurrak bilatu behar ditu ekoizpen etxeak. Anne Igartiburu, Loli Astoreka, Xabier Elorriaga eta Carlos Sobera aktoreek ere parte hartuko dute filman. EITBk parte hartzen du ekoizpenean eta Eusko Jaurlaritzak laguntza bat eman du.
Neskato batzuk nazkatuta daude beren ikaskide batzuekin, beti erasoka eta eragozka baitabiltza. Egun batean, umilazioak pairatzen dituen beste mutiko batekin elkartuko dira eta “Zigortzaileak” izeneko taldea sortuko dute. Talde sekretu horren bidez, mendeku txikiak egingo dituzte, mutil erasotzaileak zigortuz. Txantxak eta trukoen medioz, ikaskide gaiztoak “birhezi”ko dituzte.
Leire, Ainara, Sandra, Leo eta Ángel izeneko protagonistak, besteak beste, hautatzeko prozesu zabala astelehenean hasi zen. Interpretazioa gustuko duen edonork, beti adin horren barruan dagoela, aurkeztu daiteke hautaketara.
Lehenengo probetan elkarrizketa txiki bat egin behar dute hautagaiek, euren naturaltasuna eta fotogenia konbrobatzeko. Iparraldean beste casting bat egingo da, protagonisten bat hangoa baita.
Informazio gehiago jasotzeko eta elkarrizketak lotzeko:
Karolina Almagia
Tf: 616 84 14 77
Email: prensa.zigortzaileak@gmail.com
Deja un comentario